HIRI ANTOLAMENDUKO PLANA: Udalak Kuartangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena abiarazi du. Prozesu horren helburua, Haranaren eta kuartangarren beharrak zeintzuk diren aztertzea da, eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun azpiegiturek, etxebizitzek eta ekipamenduek hartuko dituzten lurzoruak gordetzeko. Plan horrek, Kuartangoren hazkundearen plangintza egitea, kuartangarren bizi-kalitatea hobetzea eta etorkizuneko belaunaldientzat udalerriko ingurumen- eta paisaia-balioak babestuko dituen garapen iraunkorraren eredua ziurtatzea du xede. Kuartangoko Udalak, bere udalerrian indarrean dauden Udal Plangintzako Arau Subsidiarioen berrikuspena egitea erabaki du. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen aurreikuspenen arabera, berrikuspen horrek Plan Nagusia idaztea eskatzen du. 2011ko uztailaren 26an, Plan hori eta dagokion Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioa idazteko laguntza teknikoa kontratatzeko lehiaketa publikoa deitu zen, eta AL. Luque Aseguinolaza SLP eta Jurado y Cabezón Arquitectos SLP enpresek egindako proposamenari esleitu zitzaion. Bakar-bakarrik kuartangar guztiok elkarrekin jardunda, izango gara guztiontzako Harana eraikitzeko gai. Hori dela-eta, Kuartangoko gizarte- eragile guztiek esku hartuko dute HAPOren berrikuspenean, eta horrela, gainera, Euskadiko Lurzoruari buruzko Lege berrian aurreikusitako parte- hartzezko bideak eta Informazioko eta Hiritarren Parte-hartzezko Planean aurreikusitako beste bide batzuk bermatuko dira. Azken horren baitan, besteak beste, Plan Orokorraren Web berezia abiatu (pgou.kuartango.org), plan hori azaltzeko dokumentazioa prestatu eta banatu, eta informazioko eta parte-hartzezko saioak, herri-galdeketa, etab. antolatu dira.